Modernitatea Bilbon

Modernitateak rol desberdinak ezarri zituen gizon-emakumeengan ezinbestez. Senitarteko baserriko elkarlana eta elkarbizitza hiriko bizimoduan desagertu egingo da, arlo guztietan eta gizarte-maila denetan.

GAI MODERNOAK

Bilbotar burgesiako gizon modernoa hiriko bizitza publikoan protagonista bihurtu eta modernitateak ekarritako gai nagusietan partaide izango da.

Gertaera honek gizona beste maila batera eramango du, emakumearengandik aldendua, azken honek ez bait zuen, orohar, orduko gai nagusietan parte hartzerik, kasurako  enpresa, industria, banketxeak, politika, gerra, bakea…

Joera hau herriko mundura ere iritsiko da eta zenbait gizon hirira egunero joango da lantegietara, garai berrietan langileria premiazkoa bait zen, hortik herriko emakumeen eta gizonen arteko rolen desberdinketa herrian ere.

Nolanahi ere, gizon hauek baserritarrak izateari ez diote utziko eta lanpostua diru-iturri osagarritzat izango dute.

Iraultza industrialaren asmakizuna zen Arratiako tranbia izango da gizon hauek euren beharlekuetara eramango dituena. Bertan, ordutegi ezarriak, lanabes ezezagunak eta beharlagun berriekin topo egingo dute, hainbat eta hainbat beste lurraldetatik etorriak, ustez etorkizun hobearen bila. Joan-etorri honek XX. mendean zehar gora egingo du.

 

Aldaketa giro honetan, XIX. mendeko hirian modernitateak ekarritako berrikuntzen eta asmakizunen inguruan jakin-min handia sortu zen, hauexek mundua aldatzen ari ziren eta. Garaiko egunkarietan eta argitalpenetan denetarako mirarizko erremedioak, denetariko tramankulu  miresgarriak eta era guztietako zerbitzu berritzaileak jasotzen ziren. Bestalde, prentsaren bitartez atzerritik etorritako notiziek beste paisaiak, kulturak eta asmakizunak ezagutzeko irrika zabaldu zuten. Beti ziren bizitza modernoak zer mintzagai ekarriko zain.

Zalantzarik ez, trenak hurbildu zituen denak. Gauza denak ekarri eta pertsona oro eramaten zituen; hurbilenetik urrunerarteko bidea zabaldu zien inoizko abiaduran. Begi artean irudi ezezagunak eta ikuspegi desberdinak. Bide berriak, xede berriak ekarri zituen. Trenbidearen garraioaren sorrera mugarri gertatu zen.

Asmakizun harrigarrien artean, automobilarena aipagarria gizartean sortutako oihartzunagatik eta bidaiatzeko ematen zuen aukeragatik. Ohitura eta afizio berriak sortuko dira, gidatzearena tarteko, kirol munduarekin lotuak, atzerritik hainbat kirol mota berri etorriak bait ziren. Topaketak eta lehiaketak kirolak bezainbatekoak ziren. Txirrindularitza frogak, automobil-lasterketak, moto-lasterketak, futbola, boxeoa, frontoietako modalitateak, mendi igoerak… Zentzu honetan, aipagarria da “Sociedad Gimnástica Zamacois” (1894) gerora “Club Deportivo de Bilbao”-ren sorrera (1912). Gorputzaren entrenamenduak eta lehiak interes bizia piztu zuten gizonen artean.

Askotarikoak ziren solasaldirako eta eztabaidarako gaiak garaiko kafeetan, tabernetan eta klubetan gai modernoen inguruan.  Ohitura eta zaletasun berriez gainera, politikaz eta lan baldintzaz ere jardungo ziren aro korapilatsu eta nahasi honetan. Egundoko iraultzak, sekulako arazoei aurre egin behar izatea sortarazi zuen. Hastapenetik kapitalen pilatzeak pertsonen pilaketa ekarri zuen hirialdean denetariko ondorio eta arazoekin gizartearengan.

Zientziaren garapena eta metodo zientifikoa gure inguruan ere  hedatutz joango dira eta diziplina denek izango dute goiz ala berandu gure arlo akademikoan lekurik, garaiko intelektualen lanari esker batik bat. Nabarmendu beharra dago gurean, hizkuntzalaritzaren garrantzia, epe honetan sortuko bait dira Bizkaiko lehen Euskarazko Katedra (1888), Eusko Ikaskuntza (1918), Euskaltzaindia (1919) edo Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen pizkundea. Euskararenganako interesa eta ardura berpìztuz joango da ikerketa eta ikasketa mailan.

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Erreserbatu Erreserbatu